ZERBITZUAK

Gizarte-laguntza eta aholkularitza

Esklerosi Anizkoitza sendaezina da eta eboluzioa zein izango den esaterik ez, hortaz, diagnostikoa jaso eta kasu gehienetan eragin psikologiko eta emozional handia ohi du. Informazioa ezinbestekoa da eragin hori arindu eta gaixotasunari aurre egin ahal izateko.

Hasiera batean oso garrantzitsua da informazioa eman eta sinesmen okerrak gezurtatzea, bai eta lasaitasuna ematea ere. Elkartera heltzen diren gaixo askok informazio gehiegi dute eta gainezka eginda sentitzen dira.

Elkartearen arreta mailarik altuena diagnostikatu berriei edo muga fisikoak izanda elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak behar dituztenei zuzenduta dago: bai gizarte aholkularitza jaso daitezkeen diru-laguntzen gainean, elbarritasun ziurtagiria, Menpekotasun Legea…, bai izan ditzaketen errehabilitazio zerbitzuei buruzkoa.

Hau guztia ez dute soilik gaixoek eskatzen, senitartekoak eta ingururik hurbilenekoak ere gurera gerturatu ohi dira informazio eske: gaixotasuna bera, sintomak, osasun-ohiturak, tratamenduak, zerbitzuak… AEMARren zalantzak, beldurrak argitzen saiatzen gara bai eta gaixotasuna onartu eta ezagutzen laguntzen ere.

Fisioterapia

Esklerosi anizkoitzean desgaitasuna progresiboki handituz doa eta fisioterapeutaren lana da pertsonaren gaitasun funtzionala ahalik eta handiena izatea. Zenbat eta lehenago hasi fisioterapiarekin, are eraginkorragoa. Ariketa fisioterapeutikoen errutina izateak epe luzean izan litezkeen ondorio eskasak ekiditen asko lagun dezake.

Zelan aritzen gara fisioterapian?

Tratamendua pazientearen egoeraren araberakoa izaten da. Hasierako balorazioaren ostean, ariketarik egokienak egin ohi dira. EA duen pertsona astean behin etortzen da; sesioak ordubeteko iraupena izaten du (ordu erdi ohatilan eta ordu erdi ariketak).

Tratamenduak ez du etenik izan behar bizi-kalitatearen hobetzea lortu ahal izateko eta era berean, okerrera ez egiteko edo gaitasun funtzionalak errekuperatu eta gordetzeko ahalik eta denbora tarterik luzeenean.

Aktiba zaitez

Gaixotasunaren autokudeaketa zein bizi-estilo aktiboa eta osasungarria sustatzeko tresnak eskaintzen dizkiogu EA dutenei.

Aditu guztiek baieztatzen dute zein garrantzitsua den EA dutenentzat bizitza osasungarria eta aktiboa izatea. Farmakologikoak ez diren tratamenduek, ariketa fisiko erregularrak eta atseden egokiak erabat lagun dezakete bizitza aktiboagoa izaten.

Gure ustez, EA duen pertsona orok (gaitasun eta desgaitasun maila kontuan hartu barik) ohiko jardun fisikoa izan behar du, ondo bideratua eta kontrolatua, pertsona seguru, motibaturik sentitzeko eta horrela benetan baliagarria izateko bere onura fisiko, psikologiko eta sozialerako. Ez dago EA duten pertsona guztientzat baliagarria den ariketa programa bakarra.

Jarduera fisikoarekin hasi aurretik, ezinbestekoa da esfortzu proba bat egitea. Gero, prestatzaile fisikoak (AEMARrek kontratatua) pertsona bakoitzari egokituriko programa prestatuko du.

Jarduerarekin hastean zein urtebete igarota, test psikologiko erraz bat betetzen da ikusteko eginikoak kideari maila emozional, sozialean eta abar ekarpenik egin dion.

Jarduerari ekiteko gela bat egokitu da eta materiala gorputz-hezkuntzan aditua den profesional batek aholkatuta erosi da. Indarra neurtzeko makina bat dugu, bizikleta etzangarria, horma-barrak eta hainbat kirol-material (pesak, bandak, bosu, steps…).

Astean behin edo birritan ekin dakioke aktibitateari.

Terapia okupazionala

EA dutenek zailtasunak izan ditzakete eguneroko zeregin arruntak burutzeko eta horrela egunerokotasunean bizitzeko. Gaixotasunak eraginiko brote eta sintomekin bizitzea edota urtetan nerbio-sistema zentralean sorturiko lesio eta hauen arrastoekin, zailtasunak sor diezaizkioke kaltetuari bere eginbeharrak eta rolak egoki, behar bezala garatzeko. Oztopo hauek kaltetuak izan nahi duen egunerokotasunean eragiten badute, komeni da terapeuta okupazional batengana jotzea konponbide bat bilatzeko. EA duen pertsonaren zailtasunak eta gaitasunak aztertuko ditu ahalik eta autonomoen izan dadin.

Tratamenduaren helburua pazientearen egunerokotasuna, eguneroko bizitza hobetzea da, estrategiak erakutsi EA duen pertsonak eguneroko jarduerak autonomiaz egin ahal izateko, eta era berean izan daitezkeen gabeziak antzeman eta laguntza beharrak zehazten lagundu ohi da bai eta jasotako laguntza nolakoa izan behar den ere. Adituak aldaketak proposa ditzake, moldaketak eta egokitzapenak pazientearen inguruko jardueretarako.

AEMARren norbanako terapia okupazional sesioak eskaintzen ditugu eta pazienteak astero hurbildu ohi dira.

Logopedia

Esklerosi anizkoitza dutenek komunikatzeko zailtasunak izan ditzakete, mezuak ekoizteko, zein berauek ulertzeko, ahoz, nahiz idatziz. Zenbaitetan jateko arazoak izan daitezke irensketa arazotsua dela kausa.

Logopediaren helburu nagusia gorabehera hauei aurrea hartu, diagnostikoa eman eta tratatzea da, eta horrela komunikazio egokia lortu bai eta irensketa segurua eta eraginkorra ere.

Logopeda lanean hasiko da behin aurre-ebaluaketa bat eginda eta pazientearengan nabarmentzen diren alderdirik kaltetuenen behaketa burututa, era horretara tratamendurik egokiena jartzeko.

Psikologia

AEMARreko psikologia zerbitzua kaltetuei zein senitartekoei zuzenduta dago. Helburua gaixotasunarekin zerikusia duten egoera ezberdinei gero eta hobeto aurre egiten ikastea da: hasierako diagnostikoa, broteak eta txarrera egiten duten momentu estuak, nahasmendu emozionalak edo jokabideari lotuak, alterazioak senitartekoekiko harremanetan… Aholkularitza eta tratamendu egokiak ditugu.

Esaniko guztiaz gain, EA dutenek arazo psikologiko eta emozionalak izan ditzakete. EA duten zenbait pertsonek depresioa izan ohi dute edota depresio eta euforia aldien txandakatzea (nahasmendu bipolarra edo maniako-depresiboa). Arazoak ager daitezke.

Autolaguntza taldeak

Zenbaitentzat EA duten beste pertsona batzuekin elkartzea zaila eta negatiboa ere bada: “Zergatik nire arazoak partekatu beste pertsona batzuekin? …eta gainera, nork behar ditu besteen arazoak eta estualdiak norberak dituenekin nahikoa izanda?”

Hala eta guztiz ere, autolaguntza talde bat ez da arazo-trukaketa bat, bizipen eta esperientzia trukaketa baizik. Zentroko psikologoak zuzentzen du eta hilean birritan elkartzen dira.

Kide bakoitzari egoera berean dauden beste batzuekin bere sentimenduak, arazoak, ideiak eta informazioa partekatzeko aukera ematen zaio, betiere guztien pribatutasuna eta konfidentzialtasuna bermatuz. Laguntza emozionala emateaz gain, autolaguntza taldeak informazio iturria ere badira. Kaltetuek nahiz senitartekoek osa ditzakete taldeok eta elkarri lagundu nahian hizketan aritzen dira eta esperientziak eta abar partekatzen dituzte.

Erlaxazioa

Erlaxazio teknikak praktikatzen ditugu, arnasketa eta mugimendu suabeak, kontrolatuta eta pazientearen egoera fisikoarekin koherentzian. Autoerlaxazio teknikek larritasun eta antsietate aldiei aurre egiten laguntzen dute.

Hidroterapia

Uretan autonomia duten kaltetuak igerilekura joan ohi dira (Estadio Fundazioan) astean behin. Gimnasioan burutzen den fisioterapiarekin dagoen aldea zerbitzuan aritzen den horren ingurunea da eta honakoak dira onurak:

– Mugitzeko askatasun handiagoa.
– Larritasunaren ondorio txikiagoak eta oreka hobea.
– Gorputz-tenperatura igotzeko kontrola.
– Sistema kardiorrespiratorioaren errendimendu handiagoa.

hidroterapia

Psikomotrizitatea

Asteroko talde-sesioen bidez, gaixotasun honetan kaltetuen mantentze osorako psikomotrizitatek duen garrantzia azpimarratu ohi dugu. Alderdi ezberdinak lantzen ditugu, esate baterako espazioaren kontrola, erritmoa, gorputz-eskema, eta abar. Horrek guztiak gorputzaren kontrola eta ingurunearen maneiua hobetzen laguntzen du.

Eskulanak

Lan ezberdinak burutzen dira eta teknika eta tresna ugari erabiltzen ditugu, betiere pertsonaren gaitasunetara egokituak.

 

Hipoterapia

Hitzak grekeran du jatorria, “hippos” (zaldi) eta “therapeia” (tratamendua). Zaldiaren ibilerak eta pazienteak animaliarekin lortzen duen harremanak gaixotasunaren tratamendurako duen onura erakusten dute.

Zaldia, pasorako, mugimendua transmititzeko erraminta terapeutikoa da. Zaldiaren gainean eserita egote hutsak martxa tridimentsionalaren patroia transmititzen du, gizakion martxaren patroiarena hain zuzen ere, eta horrek koordinazio, oreka eta jarrera-erreflexuak agertzea eragiten du.

Halaber, zaldiarekin den kontaktuak muskulatura indartzen du sortzen diren desorekak direla kausa, eta tonu muskularra erregulatzen du animaliaren tenperaturari esker (38-38,5º C). Honek guztiak, giltzadura-arku egokia ahalbidetzen du. Zaldian igotzeko eta zalditik jaisteko arrapala erabili ohi dugu eta horrek zaldiaren zelarako pausua egitea errazten du, bai gurpildun aulkia darabilten lagunena zein martxan zailtasunak agertzen dituzten pazienteen kasuan.

Profesionalak behar den informazio guztia eman ohi du arriskua, onurak eta segurtasun neurriei dagokienez, eta horrekin batera tratamenduaren helburuak kontuan hartuta gidatu ohi ditu sesioak. Horrez gain, pazientearen segurtasunaren kargua ere badu. Bestalde, laguntzaileak sesioetan zaldia behar bezala gidatzearen ardura du, mugimenduak kontrolatu, pausua eta abiada, ariketetan bira nola egin, eta abar.

Jarduera hau apirila eta ekaina bitartean burutzen da.

hipoterapia 

Arteterapia

Artea eta ikus-entzunezkoak komunikazio bide lez erabili ohi ditugu. Kreazio adierazpen artistikoa erreflexio, komunikazio, adierazpen eta garapen pertsonalerako gaitasuna garatu ahal izatea ahalbidetzen duen bitartekoa da. Ez da beharrezkoa talentua izatea, irudi- eta margo-teknikekin probatu, esperimentatzeko gogoa besterik ez da behar.

Aisia eta denbora-tarte librea

Xede nagusia bazkideen arteko elkartzea sustatu eta sozializazioa bultzatzea da. Irteerak oso baliagarriak zaizkie, atsedenaldi gisa, zaintzaile nagusiei. Era horretara denbora-tarte librea dute kaltetua jagoteko ez den beste zeregin batzuetan aritzeko.

Informa zaitez gure blogean, izango diren hurrengo jardueren gainean.

tiempo_libre

Garraio egokitua

Kaltetu asko ezin da bere kabuz elkartera hurbildu (edo beste pertsona baten beharra du) eta errealitate horrek atez ateko zerbitzua ezarri ahal izateko lan egin behar genuela erakutsi zigun. Zerbitzu horri esker, kaltetuak euren etxeetan jaso eta zentrora ekartzen ditugu elkarteak eskaintzen dituen jarduera ezberdinak burutzeko.